XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Inguru jakin bateko neurona talde oso batengan gertaturiko elektronegatibotasun aldaketa hau da hain zuzen ere eremu potentzial bat, gure elektrodoak tarte kanpozelularrean neurtzen duena alegia (15. irudia). Baina, esan bezala, eremu potentzialak ez dauka harreman zuzenik ekintza potentzialen sorrerarekin, PKPen sorrera soilik isladatzen baitu, azken hauek atari maila egokira iristeko gai izan edo ez izan kontutan izan gabe. Despolarizazioa pizteko gauza izan edo ez, milaka PKP sortzen da kinada sinaptiko egokia jasotzen duten orno-muineko guneetan nerbio ziatikoa egokiro kitzikatuz gero, eta PKP pila hauen eraginez zenbait orno-muineko eremutan gainzama kanpozelularra aldatu egiten da une batez (16. irudia).

15. irudia. Neurona baten gorputza, gliaz eta odol hodiz inguraturik, eta baita zenbait dendritaren eta axoiaren enborra. Geziak dendrita gainean axoi-muturren kokapena erakusten dute, hain zuzen ere PKPak sortzen diren tokiak. Garbiago ikus dadin, axoi-mutur gutxi batzuk soilik erakutsi dira, baina kontuan izan dendrita bakoitza milaka axoi-muturrez inguratua izan ohi dela, eta ondorioz milaka PKP eratu daitezkeela kitzikapen egokia ezarriz gero. Goitik behera gune kanpozelularrean tartekaturik ikusi daiteken elektrodoa gai ohi da ehundaka mikrometrotako inguru batean milaka neuronetan sortzen diren elektronegatibitate aldaketak jasotzeko.

16. irudia. Nerbio ziatikoa kitzikatzearen ondorioz milaka neuronetan sortzen diren PKPek eta despolarizazioek orno-muinaren azalezko geruzetako elektronegatibotasunean daukaten eragina. Ikusi nola azalezko geruzetan, hain zuzen ere nerbio ziatikoaren C zuntzak iristen diren lekuan, elektronegatibotasun mailarik handiena ematen den.